1.TAILERRA ZABALA

Hasi da ELKATOKI Zabalan! Hemen ere lehenengo tailerra JABETU izan da, eta Karmelo Ikastolan bezala, espazioaren inguruan pentsatu eta patioa aztertzen ibili gara. 5. eta 6.mailakoak partehartuko dute programan, guztira 30 ume inguru. Karmeloko tailerrean bezala, 3 gauza egin ditugu: elkar ezagutu eta patioan gure burua kokatu, espazioaren inguruan hitz egin eta patioa aztertu.

Pertsona bakoitzak bere gaitasun, gustu eta beharren arabera patioa modu ezberdinetara erabiltzen duela ikusi dugu. Ekintza batzuk besteak baino espazio gehiago hartzen dutela ere ikusi dugu, jolas batzuek eta besteek behar dituzten elementuak ezberdinak direlako.

Ostean taldeetan banatu gara, patioaren azterketa egiteko: detektibeak, kazetariak, arkitektoak eta margolariak. Patiora atera gara lanak egitera.

IMG_1039 img_08071 (1) IMG_0806 (1) img_10381 IMG_1035 IMG_1036 IMG_1037

 

Arkitektoek patioaren planoak egin eta bertan dauden gauzak marraztu dituzte. Ostean erabiltzen diren lekuak, arriskuak eta egiten diren gauzak markatu dituzte. Adibidez, bankuak askaria eta hamaiketakoa egiteko erabiltzen direla ikusi dute, baita aterpetxeko zonaldea ere. Kolunpioak eta saskibaloi zelaia toki kuttunak bezala markatu dituzte.

Detektibeek gauza asko topatu dituzte patioan: jesarlekuak, zuhaitzak, barazkiak, lorak, sendabelarrak, marrazkiak, kortxoa, zementoa, koloreak, … elementu hauen egoera ere aztertu dute: zer nolako egoeran daude? zer sortzen dute?

Kazetariek 4 elkarrizketa egin dituzte eta kamara eskuan, patioaren irudiak eta elkarrizketatuen erretratoak atera dituzte. Hemen bi elkarrizketa:

Nor zara? Haizea, neska, 11 urte.
Noiz erabiltzen duzu patioa? Errekreoan. 
Non egoten zara? Normalean batzokiko patioan.
Zer egiten duzu patioan? Pinoa egin. 
Norekin egoten zara? Lagunekin.
Zer da gehien gustatzen zaizuna? Pinoa egitea.
Zer da gutxien gustatzen zaizuna? Futbolean jolastea.

Nor zara? Dani U., mutila, 12 urte.
Noiz erabiltzen duzu patioa? Beti eta jolastorduan. 
Non egoten zara? Futbol zelaian. 
Zer egiten duzu patioan? Futbolean jolastu. 
Norekin egoten zara? Mutilekin.
Zer da gehien gustatzen zaizuna? Futbola. 
Zer da gutxien gustatzen zaizuna? Aspertzea. 

Margolariak komikiak egiten hasi dira, baina ez dute izan denborarik bukatzeko; etxekolanak!

Amaitzeko klasera igo gara eta hurrengo tailerrean egingo dugunaren inguruan hitz egin ostean gauzak jaso eta alde egin dugu. Datorren astera arte!

<<<<<<<<<<GORA