EREDU BERRIAK PROBATZEN: BAKIO

EREDU BERRIAK PROBATZEN: BAKIO

Badira zenbait hilabete Bakion lanean hasi ginela Elkartoki bultzatzeko eredu berri batekin. Bakioko Urkitza eskolak patioa irisgarria egiteko proiektua behar zuela aitzakiatzat hartuta, honen erabateko eraldaketa modu parte hartzailean egiteko aukera sortu zen, Bakioko Udalak sustatuta eta Teo Arkitektura estudioarekin elkarlanean.

Bakioko Urkitza eskolako patioak azken urteetan zenbait aldaketa jasan ditu, egokitzapen fisiko batzuk egin direlarik baina, beharbada, patioaren ikuspegi globala lantzeko betarik izan gabe eta eskola komunitateak nolako patioa nahi eta behar duen hausnartzeko aukerarik izan gabe. Hori dela eta, patioa irisgarria egiteko prozesuan eraldaketa burutzeko beste bide bat bilatu nahi izan du Udalak, umeen parte hartzean oinarritutakoa eta diseinu eta interbentzio fase ezberdinetan antolatuta, ikuspegi globalaren lanketa bermatuz.

Prozesuaren garapena bi ikasturtetan banatu da. Iaz, lehenengoan, jolastokiaren egoera eta bertan ematen diren dinamiken inguruko jabekuntza eta hausnarketa kolektiboa sustatu ziren, patioaren eraldaketaren erronkak definitu genituelarik. Hauetatik abiatuta, jolastokiaren inguruko ametsak, nahiak eta utopiak lantzeko ideia sorkuntza eta eztabaida sustatu ziren. Proposamen guztien lanketa egin ostean, eraldaketaren oinarriak eta esku-hartze batzuk adostu zituzten, oinarrizkoenak, irisgarritasunarekin lotuta zeudenak eta udan zehar gauzatu direnak, beste hainbat bigarren ikasturtean lantzeke utzi zirelarik.

Elkartokin artea beti izaten da ardatz eta Bakion ere paper garrantzitsua izan du prozesuan. Sormena eta utopien lanketan, Ane Rodriguez artista bidelagun izan dugu, Elkartoki abiatzen duen ekintza aktibatzailearen prestaketan, baita ekintza sortzailean ere.

Ibilbide honetan, Lehen Hezkuntzako ume guztiek parte hartu zuten, ekintza artistikoetan eta tutoreek bideratutako saioetan. Txikiagoek ere, Haur Hezkuntzako umeek, patioko ekintzak bizitzeko aukera izan zuten. Erabaki hartzeetan umeak izateko, eskolan ume batzordea osatu zen, ikaskideen ordezkari eta ideien zaintzaile aritzen direlarik. Nahiz eta parte-hartze prozesu nagusia umeena izaten ari den, irakasleriak ere bere hausnarketa espazio propioa dauka eta ikuspegi pedagogikoa lantzen dute.

Patioaren eraldaketa osoa burutzera goazenez, funtsezkoa izaten ari da Udalak, eskola zuzendaritzak, guraso elkarteak eta TIPIk osatzen dugun talde sustatzailea, proiektuan elkarlana bermatu eta ikuspegi estrategikoa zaintze aldera.

Bigarren ikasturte hastear dago orain, eraldaketa osoa lortzeko bidean! Hasteko, iaz adostutako proposamenak kontuan hartuta, udan irisgarritasun obrak egin dira patioan. Hortaz, umeek lehen aldaketak estreinatuko dituzte eta aldi berean, elkar-sorkuntza prozesuari jarraitzeko marko ederra daukagu. Horrela, ikasturte honetan proposamen batzuk probatzeko eta baloratzeko testeoak burutuko ditugu, besteak beste. Gogoz hasiko dugu ikasturtea!

TIPI-Baikio-Urkitza-Ekintza TIPI-Bakio-Urkitza_Saioak_1 TIPI-Bakio-Urkitza_Saioak_2 Bakio-Urkitza_Obra_1 Bakio-Urkitza_Obra_2 Bakio-Urkitza_Obra_3
<<<<<<<<<<GORA