KARMELO ETXEGARAI

ESKOLA PUBLIKOA

AZPEITIA

2-6 URTE ARTEKO HAURRAK

SENIDEEZ OSATUTAKO LAN-TALDEAK DISEINU TAILERRAK EGITEKO ETA AUZOLANEAN PARTE HARTZEKO.

IRAKASLEGOAREN INPLIKAZIOA AHOLKULARITZA PEDAGOGIKOA EMATEN ETA GELETAN JARDUERAK GARATZEN.

FINANTZAKETA> BITARTEZ, IKASTETXEA ETA AZPEITIAKO UDALA

Jolastokia eta beste espazio batzuk ikastetxearen ikuspegi pedagogikora eta hezkuntza-proiektura egokitzea; patioaren eraldaketa integrala ahal den era partehartzaileenean diseinatzea, lan komunitarioa gehituz eta espazio barneratzailea sortuz.

Karmelo Etxegarai Ikastola Azpeitiako herri-eskola da. Bertan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak daude, bi eraikin eta gune ezberdinetan banaturik. Proiektu hau eskolako Zuzendaritza Pedagogikoak abiatu zuen, Haur Hezkuntzako jolastokia eraldatzeko beharra eta nahia planteatu zituenean. Azpeitiako Udalak jolastokia erabat berritzeko konpromisoa hartu zuen eta horretarako baliabide ekonomikoak eskaini zituen. Hortaz, jolastokia goitik behera aldatzeko aukera suertatu zen eta komunitateak diseinu berria modu parte-hartzailean egitea erabaki zuen.

Jolastokia eta beste espazio batzuk ikastetxearen ikuspegi pedagogikora eta hezkuntza-proiektura egokitzea izan zen prozesuaren helburua; haiek eraldatzeko diseinua elkarlanean eginez, espazio barneratzailea sortzea. Proiektuaren jarraipena eta kudeaketa bermatzeko, talde eragilea osatu zen: zuzendaria, aholkulari pedagogikoa, guraso elkarteko kide bat eta zenbait tutore. Haur Hezkuntzako ikastetxe bat izanik, gure lan egiteko modua egokitu behar izan genuen, 2 eta 6 urte arteko ikasleek ez baitute autonomia nahikorik prozesu parte-hartzailearen buru eta protagonista izateko. Beste prozesu batzuekin alderatuta, kasu honetan familia eta irakasleen rola askoz aktiboagoa eta nagusiagoa izan zen: irakasleek prestakuntza jaso eta proiektuarekin loturiko zenbait jarduera garatu zituzten ikasgelan; aholkulari pedagogikoak proiektuaren koordinazio orokorra bere gain hartu zuen; gurasoak, ordea, proposamena landu eta elikatzeaz arduratu ziren eta, horretarako, lan-taldeetan antolatu zituzten beraien buruak. 

Hasieran, irakasleak eta zuzendaritza prestatu genituen, elkarlaneko diseinua, jardunbide artistikoak eta parte-hartzea lantzeko. Horrekin batera, proiektuaren helburuak, itxaropenak, mugak eta antolakuntza landu genituen. Talde eragilea osatu genuen eta horrekin prozesua diseinatu eta lehen faseko ekintzak eta programazioa adostu genituen. Gainera, prozesuan zehar sortuko ziren behar eta zalantzei erantzuna eman eta proposamenak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak ziren ikuskatzeko jarraipen saioak zehaztu genituen. TIPIko kideok ikastetxean egindako bitartekaritzaz ez ezik, diseinu arkitektonikoaren arloan aholkularitza zerbitzua ere burutu genuen (altzariak diseinatzea, planoak egitea eta udalarekin bitartekari izatea).

Kasu horretan, bederatzi hilabeteko prozesua izan zen, eta hiru fasetan garatu zen. Espazioa behatu eta horren izaeraz jabetzeko saioak antolatu genituen familia eta ikasleekin, familia guztiei iritzia emateko galdetegiak eman zitzaizkien eta parte hartzera animatzeko bideoa sortu zen. Sorkuntza fasean zehar, jolastoki berria osatuko zuten espazioen araberako lan-taldeak antolatu ziren familiekin: esperimentazio-gunea, jolas bertikalak, ortuak, etab. Ideiak garatu eta argitu ostean, prototipazio unera igaro ginen: asmatutako ideien erabilera eta izaera (materialak, kokapena, dimentsioak) frogatzeko helburuarekin, horien bertsio arina (prototipoak) eraiki genituen jolastokian, ikasleekin batera. Prototipoak egun batzuez jolastokian utzi ziren eta, bitartean, behaketak egin ziren. Proba horretatik eratorri ziren ondorioak bukaerako diseinuan kontuan hartu eta txertatu ziren.

Jolastokiaren eraldaketa fisikoaren egitura orokorra beharginek egin bazuten ere, familiek eta irakasleek lan ugari burutu zituzten auzolanean, proiektuaren alderdi komunitarioa eraikuntzan ere egon zedin. Karmelo Etxegarai ikastolako jolastoki berrian irudimena eta jolas librea sustatzen dituzten guneek, egitura eta testura ezberdinak dituzte, basoa, herrixka, hondartza eta plaza deitutako espazioen bitartez. Horietan, elementu naturalak, hare-gunea, ortua, rokodromoa, zuhaitzak edo etxola egiturak goza ditzakete umeek, besteak beste. Horrela, jolastoki berriak jolas batzuei lehentasuna eman beharrean, jolas eta harreman aukera ezberdinak eskaintzen ditu: eskalatu, ezkutatu, deskantsatu, korrika egin, sozializatu, etab.

“Guraso askok erakutsi duten konpromisoa, grina eta lanerako gogoa ikaragarriak izan dira (…) Modu parte-hartzailean egitean, prozesua ez dela inoiz bukatzen konturatzen zara, etengabe proposamen berriak daude (…) Aurrera begira ere, bide honetan sakontzea ona izango litzateke.”

GEROA IKASTOLA

ESKOLA PUBLIKOA

GETXO

LEHEN HEZKUNTZAKO 4., 5. ETA 6. MAILAKO 23 IKASLE

FAMILIEN ELKAR-SORKUNTZA

IRAKASLEGOAK TUTORETZA SAIOAK EMAN ZITUEN BAITA PROZESUAREN EMAITZAK AURKEZTEKO EGIN ZEN EKITALDIA ANTOLATZEN LAGUNDU ERE.

FINANTZAKETA> BITARTEZ ETA GURASO ELKARTEA

Ikastetxearen zuzendaritzak patioaren inguruko prozesu kolektiboa hasteko piztailea eta motibatzailea izango zen esperientzia sortzea.

Geroa ikastola Getxoko Haur eta Lehen Hezkuntzako herri-eskola da. Hemen, gurasoen batzordea izan zen proiektua bultzatu zuena. Jolastokia elkarrekin eraldatzeko nahia eskola-elkarte osoarengan piztea izan zen helburua, eta baita esperientzia motibatzailea garatzea.

Proiektuaren edukia eta ibilbidea gurasoen elkarteko bi amaren, Helena Goñi artistaren eta TIPI-ren artean gauzatu ziren. TIPIk antolatutako hiru eguneko barnetegian, prozesuarenganako beldurrak eta itxaropenak batera jarri, helburuak ezarri eta horiek garatzeko beharrezko baliabideak (pertsonak, denborak, materialak) zehaztu genituen. Jolastokian gertatzen diren gatazkak azalerazteko eta espazioaren ohiko erabilerak ez ezik, egoteko eta jolasteko modu alternatiboak ere imajinatzeko hainbat ekintza planifikatu ziren. Horretarako, “gerrilla” formatuko programa diseinatu zen, non ume-talde batek eskola-komunitatea eraldatzeko beharraz ohartarazteko ekintza propagandistiko eta sortzaileak burutu zituen (kartelak, fanzineak, kamisetak eta bestelakoak).

Ekintza horiek eskolaz kanpoko orduetan (jantoki-orduetan) garatu ziren batik bat, eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasle boluntarioekin batera jarri ziren martxan. Irakasle eta langileen inplikazioa puntuala izan zen, hain zuzen ere, tutoretza baten eta amaierako ekitaldi baten eskutik.

Urritik abendura bitartean, artistak bitartekaritza-programa bat burutu zuen, hiru etapa hauen bitartez: diagnosia, proposamenak lantzea eta egindako lana zabaltzea. Lehen urratsa jolastokiaren diagnosia egitea izan zen. Horretarako, umeek espazio ezberdinak aztertu eta horien erabilerari buruzko iritziak biltzeko ekintzak egin zituzten, hala nola: ibilbideak, ume ezberdinek erabiltzen zituzten espazioetaz hausnartzeko; argazki rally-a, haientzako esanguratsuak ziren lekuak dokumentatzeko; jolas-orduan esku-hartzea, gainerako ikasleak prozesuaz ohartarazteko… Jolastokia eraldatzeko misioa zuen ikasle-taldea izanik, fase horretan, talde identitatea bultzatzeko jarduerei denbora eskaini zitzaien, espazioaren jabekuntza landuz.

Aurreko faseko emaitzak kontuan hartuta, haurrek espazio batzuk aukeratu eta zelan aldatu pentsatu zuten. Haien ideiak hobeto azaltzeko, collage teknikak erabili zituzten eta haiek egindako argazkiez baliatu ziren. Gero ideia horiek fanzine batean irudikatu zituzten.

Haurrek, egindako lana ezagutzera emateko, bi bide erabili zituzten: alde batetik, tutoretzetan prozesuaren berri eman zuten, eta bestetik, ikasle eta irakasle guztiei landutako guztia -identifikatutako espazioak eta proposatutako aldaketak- azaltzeko jardunaldia antolatu zuten. Ekitaldian, aurreko fasean egindako fanzineak banatu ziren eta jolastokian zeharreko ibilbide bat antolatu zen, proposamenak espazioan bertan aurkeztu eta azaltzeko asmoz. Gainera, eraldatu nahi ziren espazioetan olana erraldoiak eseki ziren, artistak ume-taldearekin batera sortutako argazkiak erakusteko. Haurrek amestutako espazioen izaera adierazi nahi zuten argazkiek, baina, batez ere, haien proposamenen lekuko izateko helburuarekin jarri ziren jolastokian. Ekitaldi horretan ikastetxeko zuzendariari txosten formala eman zitzaion baita, egindako proposamenen argigarri gisa. Zuzendariak proposamen horiek aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Praktika artistikoei esker helburu komunitarioak lantzeko eta ikuspegi eta egiteko era berriak jaso ahal zirela egiaztatu zen Geroa ikastolako prozesuan. Proiektua eskolaz kanpoko ordutegian garatu zen arren, jolastokiko espazioen problematika mahaigaineratu eta gaia hezkuntza-proiektuaren agendara igaro zen.

 

“Zergatik uste dugu ikastolak aurrera eraman beharko lituzkeela egindako proposamenak? Lekua hobeto aprobetxatuko genuke eta guztiok izango genuke disfrutatzeko aukera. Gainera hemen inoiz ez da ezer ere ez egin”

LEKEITIOKO ESKOLA

ESKOLA PUBLIKOA

LEKEITIO

200 IKASLE INGURU> ELKARBIZITA FOROETAN LEHEN HEZKUNTZAKO DENAK ETA TALDE MOTOREAN 5. MAILAKOAK

FAMILIAK AUZOLANETAN

IRAKASLEGOAREN LANA KOORDINAZIOAN, FORMAKUNTZAN ETA HEDAPENEAN.

FINANTZAKETA> BITARTZEZ ETA UDALA

Ikastetxearen zuzendaritzak patioaren inguruko prozesu kolektiboa hasteko piztailea eta motibatzailea izango zen esperientzia sortzea.

Lekeitioko eskola, Ikas Komunitateen filosofiaren arabera dabilen herri-ikastetxea da. Ikuspegi horren arabera, komunitatearen parte-hartze jarraia eta transbertsala sustatzen da. Horrela, irakasleria ez da hezkuntza-prozesuan esku-hartzen duen bakarra; umeekin zuzenean edo zeharka harremana duten pertsona guztiek (familia, lagunak, auzokideak, etab.) parte hartzen dute ikasleen hezkuntza-prozesuan. Gainera, eskola hezkidetza-proiektu landua garatzen ari zen eta hori guztia dela eta, proiektuaren oinarria modu oso organikoan eratu zela esan dezakegu. Talde eragilea eskolako zuzendaritzak, irakasleek, jantokiko arduradunak eta gurasoen elkarteko kideek osatu zuten.

Eskolaren helburua komunitate osoa bilduko zuen prozesua garatzea izan zen: hezkidetza-proiektua jolas-orduetara hedatu eta epe luzera jolastokiaren gainean lanean jarraitzeko oinarriak ezartzea. Lekeitioko kasuak bazuen espazioaren izaera erabat baldintzatzen duen bereizgarri bat: oporraldian, jolastokia bisitarientzako aparkaleku bihurtzen da. Egoera horrek, etorkizuneko esku-hartzeak imajinatu eta gauzatzerakoan, aparkaleku-erabilera oztopa zezaketen elementu iraunkorrak jarri ezina ekarriko zuen.

Hasieran, talde eragilea prestatu genuen, elkarlaneko diseinua, jardunbide artistikoak eta parte-hartzea lantzeko. Horrekin batera, proiektuaren helburuak, itxaropenak, mugak eta antolakuntza landu genituen. Besteak beste, proiektuaren hiru faseak garatuko zirela adostu genuen orduan: jabetu, asmatu eta eraldatu.

5. mailako 3 taldeek prozesuaren talde eragilea osatu zuten, eta gainerako ikasleen iritziak bildu eta erabakiak hartzeko, Elkarbizitza Foroaren laguntza izan zuten -aldez aurretik bazegoen ikasleen ordezkaritza taldea da hori-. Horrela, 5. mailako ikasleek era jarraian -astean behin, gutxi gorabehera-, Ismael Iglesias artistarekin batera, proposamenak garatu eta jolastokiko espazioetan ideia ezberdinen prototipoak egiten zituzten bitartean, Foroko kideek ekintzak azaldu eta ideiak eta iritziak biltzen zituzten gainerako ikasleen partetik.

Eskolako umeen parte-hartzea handia izan zen, 200 ume inguruk parte hartu zuten proiektuan. Irakasleria eskola barruko koordinazio eta hedapen-lanetan aritu zen eta eskolako familiak berriz, proiektuari laguntza eman zioten eta espazioa eraldatzeko lanetan parte hartu zuten elkarlanean.

Lehen fasean, 5. mailako talde eragileak ikerkuntza-lana egin zuen, ikasgela guztietan egiteko inkestak prestatu zituzten eta ikasleek jolastokiari buruz zituzten iritziak eta ikuspuntuak jaso zituzten. Ekintza horien ondorioz bildutako ideiak eta informazioa Elkarbizitza Foroan eztabaidatu eta baloratu zituzten.

Aurreko faseko ondorioak bildu ostean, talde eragilea Ismael Iglesiasekin ideia batzuk itxuratzen eta prototipatzen hasi zen: bururatutako ideiek onarpen ona izango zuten egiaztatu nahi genuen eta zenbait saiotan eraikitzeko tramankulu posibleak aztertu zituzten.

Horretarako, altzari zaharrak eta eskura zeuden beste material batzuk erabili zituzten, “tuneatu” zituzten eta erabilera berriak eman zizkieten. Balorazioa ere modu parte-hartzailean egin zen. Guztien balorazioak aintzat hartuta, jolastokia eraldatzeko bukaerako diseinua egin genuen, artistaren laguntzarekin. Aurrerago, proposamena elkarlanean osatu zen.

Lehenengoan rokodromoa sortu zen eta lasai egoteko espazioak prestatu ziren, eta inguruko aldeetan, berriz, landare-elementuen presentzia areagotu nahi izan zen. Jolastokiaren erdialdeari erabilera berriak emateko, ikastetxean gorde eta egunero atera zitekeen gailu multzoa sortu zen, erdiko espazioa birbanatzea ahalbidetzeko. Azkenik, esperientzia horrek umeek beren kabuz lanean jarraitzeko baliabideak eta emaitzak eman zizkiela esan dezakegu; prozesu horren ostean, eskolak jolastokiaren inguruko lanak jarraitu izan baititu.

“Hezkidetza eta Agenda21 proiektuak lantzeko asmoz parte-hartzea erabaki genuen, baina aurrerago hori baino gehiago zela ohartu ginen, artearen perspektiba baitzegoen eta gure ikasleek lanean asko gozatu zuten.”

SAN NIKOLAS IKASTOLA

ITUNPEKO IKASTOLA

GETXO

LEHEN HEZKUNTZAKO 1GO ETA 6. MAILA ARTEKO 450 IKASLE

IDEIAK PROPOSATZEAZ GAIN FAMILIEK AUZOLANA PRESTATU ZUTEN.

IRAKASLEGOAK TAILERRETAN LAGUNDU ZUEN BAITA KLAUSTROAN ERABAKIAK HARTU ERE.

FINANTZAKETA> BITARTEZ ETA IKASTETXEA

Patioa era partehartzailean eraldatzea, patioaren espazioan ematen diren erabilerak eta dinamikak orekatzen lagunduko duten tramankuluen eraikuntzaren bitartez.

San Nikolas Ikastola Getxon oso errotua dagoen hezkuntza kooperatiba historikoa da. Ikastola handia izanik, jolastoki eta espazio komun asko ditu, baina baita ikasle-kopuru handia ere. Zuzendaritza eta Artezkaritza Batzordeak ikastetxearen espazio komunen dentsitatearekiko zuten kezkarekin bat etorri zen proiektua abian jartzeko asmoa. Helburua jolastokia era parte-hartzailean eraldatzea izan zen, espazioaren erabilerak eta dinamikak orekatzen lagunduko zuten tramankuluak eraikitzen.

Prozesuak ikasturte osoa iraun zuen, eta horretan 450 ikasle inguruk hartu zuten parte. TIPIko kideok arduratu ginen ikasle eta familiekin tailerrak eta jarduerak diseinatu eta garatzeaz, eta bederatzi artistaren laguntza puntuala izan genuen fase ezberdinetan egin ziren arte-tailerretan. Irakasleen inplikazioa, aldiz, barne-komunikazioan eta tailerren garapenean laguntza ematea eta prozesuaren balorazioa egitea izan zen.

Ikasleek diseinu- eta sorkuntza-tailerretan beraien iritziak eta ideiak emateko aukera izan zuten, baina, gainera, behin betiko proiektuaren gainean erabakitzeko gaitasuna izango zutela bermatzeko, Ikasle Batzordea sortu eta martxan jarri genuen. Ikasle Batzordea 1. eta 6. maila arteko ikasgeletako ordezkariek osatu zuten eta horrek batzar modura funtzionatu zuen.

Prozesuaren faseetan diseinu- eta arte-tailer ugari garatu genituen, adin ezberdinetako umeentzat; gorputz eta espazioaren arteko harremanarekin jolastu eta hausnartu zen; gogo gabeziez ohartarazi eta ohitura berriak esploratzen laguntzeko, espazioan bitxikeriak bilatu ziren; errealismoa eta fantasia nahasturik etorkizunerako utopiak imajinatu ziren; euskarri anitzekin proposamenak sortu ziren (maketak, marrazkiak, 1:1 eskalan, esku-hartzeak) eta beste hainbat jarduera antolatu ziren. Umeek proposamen asko sortu zituzten, marraztuz zein idatziz, eta aurrerago zer eta non eraiki erabakitzeko, horiek Ikasle Batzordean eztabaidatu eta baloratu zituzten.

Umeen parte-hartze handia izan zen San Nikolas Ikastolako prozesuaren ezaugarri nagusia, fase guztietan hartu ziren erabakietan buru izan zirelako. Parte-hartzea eraikuntza-fasera ere hedatu genuen: ikasleek ahal izan zuten heinean eraldaketan parte hartu zuten eta teknika berriak ikasi eta erabili zituzten. Astebetez tramankuluak eraiki, zoruak eta paretak margotu eta altzari zaharrak egokitu zituzten horiei erabilera berriak emateko. Horretaz gain, guraso-talde ugari batek espazioak garbitu eta prestatzeko lanetan lagundu zuen.

Umeek aukeratutako hiru guneetan egin ziren esku-hartzeak. Erabiltzen ez zen espazio bat birgaitu zen, jolas berrien euskarri izateko konpondu eta eraberritu ziren altzarien bitartez. Hainbat espaziori bizitasun gehiago emateko margotu egin ziren altzariak eta tramankulu modularrak eraiki ziren, espazio horietako erabilerak aldatzeko eta bestelako harremanak sustatzeko.

Eraikuntza parte-hartzaileak umeen ahalduntzea ekarri zuela azpimarratu behar da: umeek jolastoki berria eraikitzeko zurgintza eta eraikuntzako erremintak eta materialak erabili zituzten eta, elkarlanean egindako eraldaketen bitartez, espazioarekiko jabetze-sentimendua areagotu egin zen.

“Hasieran gauza oso handiak eta eraikitzeko gatzak asmatu eta proposatu genituen. Baina gero, gauza errazekin ere patioa asko hobetu daitekeela ikusi dugu.”

<<<<<<<<<<GORA